viernes, 30 de noviembre de 2007

Arkitektura Erromanikoa

Arkitektura erromanikoa Cluny abatetxe frantsesean sortutako artea da. Erromesaldiekin lotuta dago eta Erdi Aroko Europa banatuta hartan aurkitzen den estilo uniformea da, tokian tokiko barietateak baditu ere.

Arkitektura honetako eraikuntzarik esanguratsuena eliza da, erromesalditako katedrala edo herrietako eliza txikia izanik. Elementu teknikoei dagokienez, erdi puntuko arkua eta kanoi ganga erabiltzen du. Beste ezaugarri garrantzitsu bat bere hormen loditasuna da eta bao-uneren eskasia da. Elementu sostengarri bezala kontrahormak erabiltzen du eta honek zaildu egiten du leihoak irekitzea.

Elizek gurutze latineko forma izaten dute, normalean hiru nabeekin, erdikoa alboetakoak baino altuagoa eta zabalagoa delarik. Nabe nagusiaren perpendikularra den beste nabea transepto izenekoa da eta bi nabeak elkartzen diren puntua gurutzadura da. Honen gainean normalean dorre bat altxatzen da. Elizako “burua”-ri abside deritzo eta normalean borobila izaten da.Leihoen eskasia dela eta, barrualdeak oso ilunak dira eta otoitz egitera gonbidatzen dute.

Sinbologia oso garrantzitsua da arte honetan ere. Lerro zuzenak aurkitzen dira “lurreko” partearekin lotuak dauden elementuetan, “zerua”-rekin edota dibinitatearekin loturiko horietan (absidea bezala) lerro borobila, perfektuena erabiltzen den bitartean.

Dekorazioari dagokionez, eskultura eta pintura honen zerbitzuan daude: eskultura fatxadako tinpanoetan eta zutabetako kapiteletan erabiltzen da eta klaustroa baldin badago, bertako kapiteletan ere. Pintura absideen dekorazioan erabiltzen da. Bi manifestazio artistikoek helburu erlijioso pedagogikoa dute.

Garai honetako beste eraikuntzak monasterioak eta gazteluak dira. Monasterioak eraikuntza multzo erlijiosoak dira, non elizaz aparte bizitza komuneko eta kulturarekin lotutako eraikuntzak dauden. Gazteluak defentsibak ziren eta garrantzi handiena zeukaten musulmanen kontrolpean zeuden tokietan.